Euskara ez da diru kontua, borondate kontua baizik

Bada Gasteizen Euskara maite ez duen hiritarren bat; begietatik urruti, bihotzetik urruti dio esaera zaharrak. Gasteizen Euskara gaurko kontua dela dio sasijakitun askok, baina oker dabil. Gasteizen euskara gaztelera baino lehenagoko hizkuntza da eta gora-behera asko izan eta pairatu dituen arren, gaur egun, eta euskal hiztunei esker, gure hizkuntza maiteak goraka darrai. Eta ez da inoiz askok ikusi nahi izan duten bezain urruti egon.

<--break->

Gainera, gogoeta historikoetatik at, gasteiztar gehienok euskara maite dugu, gasteiztar askok euskara darabilgu gure ezpainetan eta beste askok gure hizkuntza eskubideen jabe izan nahi dugu. Euskara hitz egitea eta euskara maitatzea norberaren aukerak dira, baina euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzea gobernuei dagokie. Eta gaur egunean , zoritxarrez, bai Gasteizko Udal gobernuak eta baita Erkidegoko gobernuak ere euskara apaingarri bezala darabilte. Irudi kontua. Nafarroari buruz ez berbarik ez egitea hobe.

Horren adibide dira Gasteizko Udal gobernuak euskararen alde hartutako neurriak; ia guztiak diruz txukuntzen diren proposamenekin josiak.

 

Euskarak Gasteizen ahalegin ekonomikoez eta hitz politez gain, konpromesuak behar ditu, euskara guztiz baztertua dagoen txokoetan loretu dadin: Administrazioko zenbait toki, merkataritza gune batzuk eta, batez ere, A ereduko eskola publiko eta pribatu kotzertetuak. Eskoletan euskalduntzen baita gehien bat. Zenbaitek hori ez dela udal politiken eskumena argudiatuko du hor eskua ez sartzeko, eta neurri batean arrazoia ukatu ezin zaion arren, badira eskola hauetan akuilua sartzeko bideak. Begiak itxita daramatzan idiak bideari ekin beharko dio lehen bait lehen. Eusko Alkartasunak proposamen zehatzak egin dizkio udaleko euskara eta kultura zinegotziari, eta aukera batzuk ontzat eman diren arren, sakonekoak diren beste batzuk baztertu egin dira. Eta ez da diru kontua, borondate kontua baizik.

 

Xabier Letek bete-betean asmatu zuen eta beste inork baino hobeto abestu zigun: « Euskara, euskara, jalgi hadi plazara! Bertze jendek uste zuten ezin eskriba zaiteien orain dute porogatu engainatu zirela. »

 

Fmdo: Ejecutiva Local